XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. LEIBNIZ.

Gutxitan ematen direnetako gizon unibertsala dugu Leibniz.

Beronen ekintzak hartzen zuen saila itzela zen: zientzi gizonen elkarteak sortzen, kristau erlijioak batzen, kristau Estatuak elkartzen eperik gabekoa izan zen beraren ahalegina.

Beraren filosofiaren eta ekintza horren artean badagoela ideia zuzentzaile bat esango genuke, ikerkuntzak eta saio diferenteak gidatzen dituena.

Ideia hori harmoniazko unibertsoa izango litzateke.

Batasunez eta aniztasunez, koordinazioz eta zatien desberdinketaz osaturik dagoen unibertso harmoniatsua.

Gaztetako idazki batetan honela dio: Jainkoaren erlojua da natura.

Unibertsoa sistema bat da.

Sistema bat bada, logikaren eta matematikaren antzera egituratua egon behar du.

Beraz, posible da metafisika deduktibo bat.

Egiaz jakinak interpretatzeko ez ezik, egia berriak aurkitzeko ere balioko lukeen tresnaren bila ikusten dugu bere De Arte Combinatoria obran.

Gure hizkerak alfabeto bat baduen bezala, zergatik ez giza pentsamenduaren alfabeto bat eraiki, kontzeptu soilenak edo sinpleenak aurkituz?.

Ondoren, azken sinbolo horiek elkarrekin konbinatzeko era egokia lortuz gero, posible gertatzen da aurkikuntzarako logika deduktibo bat.

Leibniz ohartzen zen oraingoz behintzat egia guztiak ez direla a priori-zkoen sailkapenean sartzen.

Bazekien badirela proposizio kontingenteak ere.

Arazo honen aurrean, haren kezkak hemendik jotzen du: elkarren kontrakoak diruditen egia beharrezkoen eta behar-badakoen artean, mundu metafisikoaren eta fisikoaren artean zubi bat aurkitu, etenik gabeko eta jarraitasunezko errealitate harmoniatsuak hala eskatzen bait du.

A) EZAGUTZARI BURUZKO TEORIA.

Bere gnoseologian enpirismoaren eta Descartes-en razionalismoaren hutsuneak gainditzea bilatzen du Leibniz-ek.

Bere kritikarako, abiapuntu idealista eta apriorista hartzen du, hots, Descartes-en jarrera bera.

Leibniz-ek ez du ukatzen ezagutzarako sentsuak beharrezkoak direla dioen enpiristen baiezkuntza eta ados dago adimena sentsaziozko materialez elikatzen dela dioten filosofoekin.

Baina, haren eritziz, experientziak eta, beraz, sentsazioek ezin dute ezagutzaren arazorik nagusiena argitu: alegia, egia batzuren orokortasuna eta beharrezkotasuna.